Jakob Hurt
| Jakob Hurt | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Himmaste, 1839ko uztailaren 22a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | San Petersburgo, 1907ko urtarrilaren 13a (67 urte) |
| Hobiratze lekua | Raadiko hilerria |
| Familia | |
| Seme-alabak | ikusi
|
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Helsinkiko Unibertsitatea Imperial University of Dorpat (en) |
| Hizkuntzak | estoniera |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | hizkuntzalaria, teologoa, idazlea, artxibozaina, klerikoa, etnologoa eta parrokoa |
| Kidetza | Corporation Livonia (en) |
| Ideologia eta sinesmenak | |
| Erlijioa | luteranismoa |
Jakob Hurt (Himmaste, 1839ko uztailaren 22agreg./uztailaren 10ajul. – San Petersburgo, 1907ko urtarrilaren 13agreg./1906ko abenduaren 31jul.)[1] estoniar folklorista, teologo eta hizkuntzalaria izan zen, estoniar nazio-esnatzearen mugimenduko ekintzaile garrantzitsuenetakoa.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jakob Hurt irakasle baten familian jaio zen Himmaste herriko Lepa landetxean.[2] 1859an Tartuko Unibertsitatean ikasten hasi zen. Etorkizuneko aukerak eta aitaren nahia kontuan hartuta, Teologia Fakultatean sartu zen, filologia eta folklorea ikasteko gogoa izan arren.[3]
1865ean unibertsitatean lizentziatu ondoren,[4] Alexander von Middendorff akademikoaren seme-alaben irakasle partikular bihurtu zen, eta aldi berean Otepääko elizan aritu zen. Hala ere, Rigako konsistorioak ez zuen onartu artzain kargurako, eta Hurtek, irakasle izateko azterketa gaindituta, Saaremaa uhartera joan zen 1868an, eta handik gutxira Tartura itzuli zen.[1][3]
Bi urtez, Tartuko Nekazari Estoniarren Elkartearen presidente izan zen. 1872an artzain egin zen Otepää herrian. Artzain berriaren eragina oso handia izan zen parrokian: hiru eskola eraikitzen eta hiru orkestra sortzen lagundu zituen eta eskoletako hezkuntza-ordena aldatu zuen.[3]
Estoniako Hezkuntza Elkarteko eta Vanemuine elkarteko kide aktiboa izan zen. 1869ko Estonia Osoko I. Abestien Jaialdian, hitzaldi bat eman zuen eta bertan, laugarren aginduan oinarrituz, estoniarrei euren nortasunari ez uko egiteko deia egin zien.[4]
1870eko hamarkadaren hasieran, folklorearekiko interes handia piztu zitzaion. 114 laguntzaileekin batera, 13 mila testu inguru jaso zituen 58 parrokietan, gerora Monumenta Estoniae Antiquae testu corpusa osatu zutenak.[3]
1880rako, azkenik, artzain alemaniarrekin zituen harremanak okerrera egin zuen, eta horregatik Otepääko parrokia utzi zuen eta San Petersburgora joan behar izan zuen familiarekin, San Joan parrokiako artzain eta irakasle bihurtuz.[3][4] Garai hartan, gutxienez 20 mila estoniar bizi ziren Errusiako hiriburuan, eta horrek aukera handiak eman zizkion folklorea aztertzeko. 1888az geroztik, Estoniako herri-abestiak, kondairak, ohiturak eta sinesmenak biltzeko ekimena zuzendu zuen. 1.400 laguntzaileekin batera, Estoniako folkloreko bildumarik aberatsenetako bat sortu zuen: 114.700 orrialdez osatutako 162 liburuki, 47.556 abesti herrikoi barne.[3]
1886an hizkuntzalaritzako doktore-tesia defendatu zuen Helsinkiko Unibertsitatean.[4]
1907ko urtarrilaren 13an hil zen, 67 urte zituela. Hizkuntzalari eta teologo nabarmenaren hileta Tartun egin zen, eta Raadiko hilerrian lurperatu zuten.[3][4]
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jakob Hurt gaztetan (c. 1866).
- Jakob Hurt San Petersburgon.
- August Weizenberg. Jakob Hurt doktorea.
- Hurten monumentua (Otepää).
- Hurten omenezko plaka (Otepää).
- Hurten monumentua (Tartu).
- Hurten bustoa (Estoniako Museo Nazionala, Tartu).
- Hurten hilobia (Tartuko Raadiko hilerria).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 (Estonieraz) «Hurt, Jakob» Eesti biograafiline andmebaas ISIK (kontsulta data: 2025-04-06).
- ↑ (Estonieraz) Rootsmäe, Lemming. (1977). «Jakob Hurda esivanematest» Keel ja Kirjandus 4: 230-233. (kontsulta data: 2025-04-06).
- 1 2 3 4 5 6 7 (Errusieraz) «Якоб Хурт - кто Вы, пастор Хурт?» Las-Flores.ru (kontsulta data: 2025-04-06).
- 1 2 3 4 5 (Estonieraz) Olesk, Sirje. «Jakob Hurt (1839-1907)» Kreutzwaldi sajand (Eesti Kirjandusmuuseum) (kontsulta data: 2025-04-06).